Abian da Debako Udalak Zuhatza Euskara Elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldearekin elkarlanean antolatutako Bastiñuixan ekimena. Jakinarazi dutenez, maiatzean berriro eskainiko dute egitasmoa, "haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatzeko eta jolas zein kanta berriak ikasteko aukera izan dezaten".
Aurreko ostiralean (maiatzak 9) egin zuten lehen saioa eta hurrengo hiru ostiraletan ere (maiatzaren 16an, 23an eta 30ean) jarraipena izango du. Aurrekoetan bezalaxe, saioak zumardiko kioskoan (euria bada, Ifar kaleko ikastetxeko patioan) egingo dituzte.
Oraingoan ere 3tik 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako bi programa eskainiko dituzte: Eskubidubidu (3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat) eta Kinkinetan (6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat). Haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatzeko eta jolas zein kantu berriak ikasteko aukera izango dute eta horretan guztian Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldekoen laguntza izango dute.
Eskaintza
Eskubidubidu programako saioak 16:30etik 17:30era bitartean egingo dituzte. Helburua haurrei euskaraz jolasteko tresnak eta baliabideak eskaintzea da. Umeek guraso edo heldu baten laguntzarekin parte hartu beharko dute.
Kinkinetan programako saioak, berriz, 17:30etik 18:30era izango dira. Programa honek ere haurrei euskarazko jolasen inguruan trebatzeko eta horiez gozatzeko aukera ematen die.